2012-05-01

WWW.GARAGARDOAHOTSA.COM

Txukunketa batzuen faltan, iada web orri berria du Garagardo Ahotsak:

                                       WWW.GARAGARDOAHOTSA.COM




Hortaz badakizue, hemendik aurrera bertan izango duzue garagardoaren inguruko kontuen berri.

2012-04-26

GARAGARDOAK: San Francisco Liberty Ale (Anchor Brewery)

Liberty Ale garagardoa San Francisco-n kokatua dagoen ANCHOR Brewery garagardo enpresak ekoizturiko IPA estiloko garagardoa da. 1896. urtean ireki zituen ateak Anchor-ek Ernest F. Baruth-en eskutik. Jabe desberdinak eduki ditu enpresa honek ordu ezkeroztik, gaur egun 10 garagardo mota desberdin ekoizten dituztelarik. 

Nahiz eta garagardo enpresak lehenago ireki zituen ateak, Liberty Ale garagardoa 1975. urtean hasi ziren ekoizten.




Jatorria: Anchor Brewery (San Frantzisko, EEBB)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura.

Malta: Garagar malta argiak erabiltzen dira.
 
Lupulua: Garratztasun handiko garagardoa, Cascade lupulua erabiltzen delarik, eta baita "Dry Hopping" teknika.

Kolorea: Anbar kolorea.

Alkohol edukia: % 5,9 bolumenean.

Anbar koloreko garagardoa, apar txiki-ertaina duena. Gardena ez den garagardo bat da, malta flaborekoa, eta fruita usainak nabari daitezke. Bukaera oso lupulatua du, garratztasuna eta "Dry Hopping"-a dela eta oso       nabarmenak diren lupulu usainengatik.



2012-04-24

GARAGARDOA OTORDUETAN: Hanburgesak eta garagardoa

Aspaldiko partez, berriz ere janaria eta garagardoaren arteko konbinazioari buruz hitz egingo dugu, hanburgesari lekutxo bat eginez gaurkoan. 

Hanburgesak jateko garaian ketchup eta mostaza bezalako produktuak erabili ohi ditugu, oso biziak diren bi produktu alegia. Ezaugarri honek garagardoak duen garratztasuna, eta zapore handiko  garagardo batekin konbinatzeko aukera paregabea eskaintzen digu. 



Hanburgesaren haragia oso egina egon ezkero, ilunagoa den garagardo batek esperientziaz gehiago gozatzen lagunduko digu, hanburgesak izango duen "erre" punttu hau txigortutako maltak garagardoan sortzen dituen usain eta zaporeekin ongi baitoa.

¿Zein iritzi duzue garagardoa eta hanburgesa elkarrekin hartzeari buruz? Elkarbanatu honen inguruko zuen esperientziak!

Egun ona izan!

2012-04-23

HITZETAN: Abraham Lincoln

" Konfidantza osoa dut herriarengan. Herriari egia esaten bazaio, edozein krisi nazionalari  aurre egingo dio. Koxka benetako datuak ematean dago, eta garagardoa ematean noski"


Abraham Lincoln, EEBB-tako presidente izandakoa 1861-1865

2012-04-19

BITXIKERIAK: Alkohol intoxikazio txikiak arazoak konpontzeko sormenean laguntzen omen du

Bitxia benetan, baina ez zait bitxia emaitza bakarrik iruditzen, mota honetako ikerketa "serioak" aurrera eramaten direla jakiteak ere asko harritu nau. Eta beno, ikerketa honen atzean alkoholdun edari enpresa bat balego ez litzateke hain harraroa izango, baina honakoa Estatu Batuetako University of Illinois-eko Psikologia departamentuak argitaratu du (Uncorking the muse: Alcohol intoxication facilitates creative solving...).

Ikerketak neurrizko alkohol kontsumo batek sormena erabiliz konpondu behar den arazo bati aurre egiteko gaitasunean zein eragin duen aztertu du, RAT * (Remote Associate Test) proba erabili zuten horretarako.

Ikerketa hau zergaitik aurrera eraman zuten ulertzeko lagungarri izan daitezkeen hitzak (artikuluaren sarreratik hartuak):
"Aztoratutako prozesatze kognitibo batek; bai eromenak, lo egoerak, humoreak edo sustantzia baten erabilerak sorturikoak, artista, musikari, idazle eta arazoak konpontzen dituztenen sormena handitu dezakeelaren ustea zabaldua dago. Alkoholaren erabilera (bakarrik edo beste sustantzia batzuekin konbinatua) pertsonaia oso garrantzitsu askoren harrakastarekin lotua egon da (Beethloven, Poe, Hemingway, Coleridge, Pollock, eta Socrates)."

21-30 urte bitarteko 40 gizonek hartu zuten parte ikerketa honetan. Hauen erdiak odolean 0,75 g/l-ko alkohol kopurua zuten egoera batetara eraman zituzten (33 cl.-ko bi garagardo botila eta erdi gutxi gora behera), eta behin intoxikazio puntu gorenera iritsi zirenean ekin zioten RAT galderei erantzuteari. Beste 20 pertsonek ez zuten alkohol tantarik edan galderei erantzuko.

 Emaitzak hurrengoak izan ziren:
"Alkohola kontsumitu zutenek galdera gehiago eta denbora gutxiagoan burutzea lortu zuten"
Emaitzak atentzioaren kontrolaren ikuspuntu batetik interpretatu direla diote ikertzaileek.

Emaitzak direna direla izanda ere, garagardoa ardurarekin kontsumitzea dela aukera egokiena gogorarazten dizuet, alkoholaren kontsumo ez arduratsu batek ondorio larriak izan baititzake gure osasunean.
 
 

*Remote Associate Test: Martha Mednick-ek (1962) sormena neurtzeko garatutako froga bat da, non partaideei hitz batzuk azaltzen zaizkien (hasiera batean erlaziorik ez dutela dirudi) eta falta dena asmatu  behar dute.

2012-04-18

ZORIONAK ENEKO, ZORIONAK GARAGARDO AHOTSA!


Bai, gaur nire anaiak 24 urte bete ditu, eta hemendik nire zorion agurra helarazi nahi diot!! ZORIONAK ENEKO!

 Eta harrigarria bada ere, Garagardo Ahotsa-k ere urteurrena du gaurkoan, lehenengo urtea bete du! Kasualitatea ote da? Orain dela bi hilabete konturatu naiz bloga idazten hasi nintzen eguna eta anaiaren urtebetetze eguna berbera dela!

Orain dela urte bete hasi genion orduan blog hau idazteari, aurkezpen testu nahiko luze batekin, blog hau sortzearen arrazoiak pixka bat azalduz. GITB-ko EgunOn! Goierri irratsaio batetan egon zen elkarrizketa bat izan zen pausu hau hartzera eraman ninduena.

Orain arte idatzi edo argitaratutako sarreren artean interes gehien piztu duten 3 sarrerak honakoak dira:  


Lehengo sarrera, Urtarrilak 9an argitaratua, Berlingo Friedak blogerako egindako aurkezpen abestia zoragarria da. Mila esker berriz ere Frieda!

Bigarrena, Abuztuak 25ean Iruñako Manneken Beer tabernari buruzko sarrera da.

Eta hirugarrena, duela hiru aste idatzitakoa.

Hasiera batean blog-a jarraitu eta irakurtzen zutenak ez ziren hainbeste, baina Azaroan, Facebook eta Twitter sare sozialetan presentzia edukitzen hastean, irakurleen kopuruak gora egiten hasi zuen beheko grafikoan ikusi daitekeen bezala.

Beno, eskerrik asko orain arte blog-a irakurri, zabaldu, eta komentarioak egin dituzuen guztioi!! Urteurrena dela eta, hemendik gutxira web-aren berrikuntza bat izango dugu, ez gehiegi luzatzea espero dut! Ondo izan!

Atal berriren bat sortzea edo gai konkretu baten inguruan idaztea nahi baduzue, lasai asko eskatu!

2012-04-17

BERRIAK: Never-Stop tabernak ateak irekiko ditu Donostian

Adi egon Donostia eta inguruko jendea, ostiral honetan (Apirilak 20an) taberna berri eta interesgarri (garagardozaleontzat bai behintzat!) bat ireki behar da eta bertan. Garagardo estilo desberdin ugari eskainiko dituzte:

 Kañeroan:

- Krombacher (Pils Alemaniarra)
- Weihenstephaner Hefe Weissbier (Garizkoa)
- Belgikako Ale bat
- Ingalaterrako Ale bat
- Punk IPA (Indian Pale Ale estilokoa)
- Southern Tier Choklat (Imperial Stout estiloa)


Botiletan ere aukera anitza izango da, IPA garagardo asko, suediako garagardoak, italiakoak... Behin ireki eta bertatik pasatzen naizenean idatziko dut luzeago taberna honen inguruan!

Helbidea: Errege Katolikoen kalea 6


2012-04-16

LARUNBATEKO GARAGARDO DASTAKETA

Larunbat honetan garagardo dastaketa bat egin nuen Madrilgo "Plaza España" ondoan dagoen History tabernan. 14 pertsonek hartu zuten parte, eta hauen artean Bilboko neska bat eta guzti zegoen, Amagoia!

Garagardoaren ekoizpen prozesua azaldu nuen hasieran, lehengaien deskribapentxo bat ere eginez. Ondoren, azaleko eta oineko hartziduraz ekoizten diren garagardoen berezitasunak eta desberdintasunak zein diren ikusi eta garagardoaren dastaketan zein pausu jarraitu behar genituen ere ikasi zuten. 


Bost izan ziren (denak azaleko hartziduraz ezkoizturikoak) dastatu genituen garagardoak: Brooklyn IPA, Palm, Tripel Karmeliet, Delirium Nocturnum eta St. Bernardus Pater 6. 

Lehenengoa Brooklyn (E.E.B.B) garagardotegiaren Indian Pale Ale estiloko % 6,9 alkohol bolumenean duen garagardo bat da, hotzean eginiko lupulatzea dela eta, piñu eta zitriko antzeko usainak dituena. Oso garratza den garagardo bat da hau.

Palm garagardoa Palm (Belgika) garagardotegiak ekoizten duen % 5,4 alkohol bolumenean duen anbar koloreko garagardo suabe bat da. Fruitu, malta eta karamelu usainak nabari dira. Oso garratztasun gutxiko garagardoa.

Tripel Karmeliet garagardoa 1679. urtean asmaturiko errezeta bat jarraituz ekoizten den urre koloreko Pale Ale indartsu bat da (% 8,5 alkohol bolumenean). Garagardo honen berezitasunetako bat, 3 zereal erabiliz ekoizten dela da: garagar malta, garia eta oloa.

Delirium Nocturnum 1999. urtean kaleratu zuten (Delirium Tremens garagardoaren 10. urteurrena ospatzeko) Ale ilun indartsu bat da (% 8,5 bolumenean). Moka, txokolate eta karamelu usainak nabari daitezke besteak beste.

St. Bernardus Pater 6 Belgikako % 6,7 alkohol bolumenean  duen Brown Ale garagardo bat da. Malta gozo, karamelu eta hur usainak aurki ditzakegu.


Brooklyn IPA garagardoa izan zen 4-5 pertsonei gehien gustatu zitzaien garagardoa, besteei ordea ez zitzaien garagardo hau gustatu. IPA estiloko garagardoekin hau gertatu ohi da, gustuko duzu edo batere ez zaizu gustatzen. Palm garagardoak harrera ona izan zuen hain garagardo indartsuak gustatzen ez zitzaizkienen artean, eta Tripel Karmeliet-ek ere orokorrean  harrera ona izan zuen.


2012-04-12

GARAGARDOA EKOIZTEN: Dry hopping

Azken aldian askotan atera da "Dry Hopping" (XIX. mendetik erabilia Ingalaterran) kontzeptua blogean eta iritsi da honi buruz pixka bat gehiago ikasteko garaia. Garagardoa ekoizten-eko egosketa atalean azaldu genuen iada lupulua egosketan gehitzen  dela normalean, hasieran garratztasuna lortu nahi bada eta egosketa bukaera aldera usaina eman nahi ezkero.

"Dry Hopping"-aren kasua ordea (euskaraz "Hotzean lupulatzea" litzateke), heltzen edo hartzidura prozesua jasaten ari den garagardo bati eginiko lupulu gehiketa bat da, hau da, garagardo hotzean. Britainian lehendabizi, eta E.E.B.B-tan beranduago erabili den teknika bat da gehienbat, nahiz eta azken boladan herrialde desberdinetako garagardo ekoizle askoren artean ere zabaldu den.

Lupulatze honekin lortzen dena lupuluaren usain iheskor gehienak ere garagardoan gelditzea da. Usaina ere egonkorragoa dela dirudi eta normalean oso nabaria izaten da. Lupulatze honek ere, garagardoa luzaroago mantentzen laguntzen du bere propietate antimikrobianoak direla eta.

Gehien erabiltzen diren lupuluak honakoak dira:
 Tettnanger, Hallertau, Saaz, Cascade...dira.



IPA, Ingalaterrako Bitter bereziak, Barleywine eta Amerikako Ale-a dira lupulatze mota hau egiteko aproposak.

Lupulatze hotza egiteko hiru momentu desberdin daudela esan daiteke:
  - Hartzidura ontzian
  - Heltze ontzian
  - Kupelean (kañeroetan jartzen direnetaz ari gara)

Hurrengo batean ikusiko ditugu lupulatze hotza edo "Dry Hopping"-a egiteko dauden momentu desberdinei buruzko ezaugarriak.




2012-04-11

SAILKAPENA: IPA (Indian Pale Ale)


IPA garagardo estiloa nahiko modan jarri da gure artean azken denboraldian, nahiz eta ingalaterran iada 1840. urte inguru ezkeroztik ekoizten hasia ziren. 
Ingalaterran ekoizten zen Pale Ale garagardo estiloan du jatorria IPA garagardoak, kolonietan zeuden Ingalaterrako soldadu eta funtzionarioak garagardoz hornitzeko ekoiztua. Egurrezko barriketan eramaten zen Indiara (besteak beste) garagardoa itsasontzietan, 70-80 IBUko garratztasunekoa , "Dry Hopping" bezala ezagutzen den lupulu gehiketa erabiliz. Hau da, lupulua zuzenean barrikan zegoen garagardora gehituz, hau denbora luzeagoz kontserbatzen laguntzen duena.


Hartzidura mota: Azaleko hartzidura.

Jatorrizko dentsitatea:  13 -18,2 ºP

Malta: Garagar malta oso argiak (Pale Malt) eta Crystal malt bezala ezagutzen direnak ditu.

Kolorea: 12 -28 EBC arteko kolorea izan dezake.

Alkohol edukia: % 5 - 8 bolumenean.

Lupulua: 40-70 IBU inguruko garratztasuna. Garratztasuna emateko lupuluez gain, "Dry Hopping"-a ere egiten da, lupulua heltze ontzian gehituz eta lupuluaren usain bereizgarriak emanez.


Heltze ontzietan ematen den ameriketako edo ingalaterrako lupulu usaintsuen  gehiketa ("Dry Hopping") da garagardo hauen bereizgarrietako bat. Usain, flabore eta garratztasun ertain-altu eta altua duten garagardoak dira, lore, zitriko eta fruitudun izaerako lupulu motak erabiltzen direlarik.

Azptitalde desberdinak aurki ditzakegu, baina aurrerago ikusiko ditugu sakonago:

   - Amerikar IPA
   - Ingalaterrako IPA
   - Imperial IPA
   - etab.

Marka ezagun batzuk: Fuller's IPA, Anchor Liberty Ale, Brewdog Punk IPA etab. luze bat!

2012-04-10

EDALONTZIAK (X): Stange edalontzia

Edalontzi mota hau Alemaniako eskualde askotan erabili izan den eta oraindik ere garagardo mota batzuk edateko erabiltzen den edalontzi bat da. "Stange" hitza alemaniarra da eta makil edo barra esan nahi du. 


Argazkian ikusi daitekeen bezala, edalontzi estu eta zabalera konstantekoa da. Delikatuagoak diren garagardoak edateko erabiltzen da, garagardoak dituen malta eta lupuluen ezaugarriak indartzea lortzen delarik

Edalontzi mota honen formaren abantailetako bat, garagardoak eduki ditzakeen usain iheskorrak kontzentratuagoak mantentzen dituela da.

Hurrengo garagardo motak edateko egokia da: Kölsch, Altbier, Bock, Txekiar Pilsener-a, Lambic garagaroak (Faro,Gueuze, fruta zaporedunak etab.), garagardo ketua etab.

2012-04-02

HISTORIA: XV. mendea (II)

Nahiz eta garai honetan aurreko atalean ikusi genuen bezala, garagardo kontsumoa nahiko altua eta ardurarik gabekoa izan toki askotan, bazen baita kontsumo hau erregulatu zuenik. 

Sachen-Gotha dohatsuak adibidez, honen inguruko ordenantzak jarri zituen, honakoa ziotenak: "Otorduetan, gure emakumeei ardo eta garagardoa neurrian emango diegu, dama nobleei 8 litro, eta gainontzekoei 6, erritu damen salbuespenarekin..."

Garai honetan ere, Herzog Wilhelm IV. erregeak Purutasun Legea atera zuen Babieran.

2012-03-30

BERRIAK: "Lamia" bat jaio da Urduliz aldean

Etxeandia Garardauak-eko Jonek garagardo berri bat atera du, azaleko hartziduraz ekoizturikoa, eta "Lamia" da bere izena, internet bidez zaleek aukeratua.

Honela deskribatzen du berak "Lamia": 

"Garizko garagardoa da (%30 garia du). Lupulu gitxi erabiltzen dogu berau egiteko (20 IBU inguru). Usaina eta zapore berezia du zilandro, laranja eta erregalizari esker. %6 alkohol inguru du. Freskoa, arina, zitriko punttu batekin. Udan, beroarekin, gustora edateko".


Asteburu ona pasa! 

2012-03-28

GARAGARDOA EKOIZTEN: Heltzea

Heltze prozesua behin hartzidura eman ondoren hasten da, eta honetan baina askoz ere aktibitate gutxiagoa ematen da, non konplexuagoak diren karbohidratoen hartzidura osatzen den, beste erreakzio biokimiko batzuez gain. Helburua, "garagardo berde edo gazte" bezela ezagutzen denaren, ezaugarri organoleptikoen hobekuntza bat ematea da,  Azetaldehido, diazetilo eta azido sulfidriko kantitatea murriztuz, besteak beste.


Eman den hartzidura motaren arabera, hau da,  azalekoa edo oinekoa den, heltze prozesuak denbora gehiago edo gutxiago iraungo du hurrenez urren, eta baita nolabaiteko garagardoaren manipulazio desberdina. Hartzidura motaren arabera ere, heltze prozesuak helburu desberdinak izango ditu, beste egun batean sakonago azalduko den bezala. 

Teknologiaren arabera ere desberdina izango da heltze prozesua. Ontzi zilindrokonikoen kasuan, heltze prozesua hartzidura eman den ontzi berean izango da, baina hartzidura ontzi irikietan eman bada, heltze prozesua beste ontzi batzuetan emango da,  behin hartzidura bukatuta garagardoa ontziz aldatuz. 

2012-03-27

GARAGARDOAREKIN SUKALDEAN: Gosaltzeko ogi frijitua

Asteburuetan denbora dudanean asko gustatzen zait gosari luze bat egitea, kafea, laranja zukua, mermelada, ogia, gazta etab. luze batekin gainera... Larunbat edo ingande batean egiteko aproposa den errezeta bat dakarkit oraingoan, gosaltzeko ogi frijituarena.

Zailtasuna: Oso erreza

Osagaiak (2 pertsonentzat): 
         
   - Ogi txuria                                   - 2 arraultza gorringo
   - Garagardo edalontzi bat            - Esne epela (Edalontzi erdi bat)
   - 2 goilarakada azukre                 - Gurina (2 goilarakada)

Ogi frijitua

Prestaketa:

Ogia moztu, 4-6 xafla lortuz. Garagardoa eta azukrea nahastuko dugu eta ogi xaflak bertan jarriko ditugu 5 bat minutuz beratzen. Denbora hau pasa denean ogi zatiak atera eta plater batean jarri. Arraultza gorringoak nahastu esnearekin batera eta ogia bertan busti bi aldetatik. 

Gurina (edo olio pixka bat honen ordez) zartagi batean jarri berotzen eta ogia frijitu bi aldeetatik marroixka gelditu arte.

Hori da dena! Ea probatzeko aukerarik duzuen eta zer iruditzen zaizuen. Garagardoak zapore suabeago eta berezi bat ematen dio horrela frijitutako ogiari.



Aurreko errezetak:

2012-03-26

BITXIKERIAK: BIHARAMUNA EKIDITEKO AHOLKUTXOAK


Ostiralean biharamunaren inguruan aritu ginen, eta gaur, agindu bezala, hau ekiditeko jarraitu ditzakegun aholku batzuk partekatuko ditut zuekin. 
 
Lehenik eta behin, edaten hasi aurretik egin dezakegunari buruz arituko gara. Edari alkoholdunak edan baino lehen gorputza mineral, bitamina eta ur erreserbez betea edukitzea da hoberena. Hori lortzeko, 2 ordu lehenago gantz, azukre (fruktosa hoberena) eta C eta B bitaminak (bereziki B12) dituzten elikagaiak jatea ezin hobea izango litzateke: Eztia eta sagarra adibidez fruktosa asko duten elikagaiak dira, zitrikoek, piperrek, esneak eta Yogourt-ak “C bitamina” asko dute (ez ahaztu C bitamina gehien duten elikagaiak freskoak direla), haragiak, arrain urdinak, zereal integralak eta honen deribatuak (irina, gailetak, etab.), intxaurrak... B bitamina ugari dute. Mineral asko duten eta azkar asimilatzen diren edari isotonikoak edatea ere oso gomendagarria da.

Zitrikoak
Behin edaten hasi garenean, nahiz eta agian ez zaizuen hain erraza suertatuko, ona izaten da elektrolito eta gatz mineral asko dituen ura edatea garagardo eta garagardo artean, ur galera ekiditeko. Fruta jatea ere eskertuko du gure gorputzak. Nahiz eta jakina izan, alkohol mota desberdinak nahastea saihestu, hauen alkohol eta hartzidura azpiproduktuak desberdinak baitira, gorputzari hauen metabolizazioa zailtzen diena. Lotara joan aurretik, ur asko edatea eta eztia eta ogi txigortua jatea gomendatzen da, eztiak duen fruktosak alkohola azkarrago metabolizatzen lagunduko baitu eta ogiaren karbohidratoek sabelaren gehiegizko azidotasuna neutralizatzen laguntzen du eta. 


Eztia
Orain arte komentatu diren aholkuak jarraitzen badituzue, biharamunaren ondorioak asko murriztuko dituzue. Hala ere hurrengo egunean, gorputzean gera daitekeen alkohola kanporatzeko ona izaten da aire freskoa biriketara eramatea, paseo bat emanez adibidez. Izerdiak ere toxinak kanporatzen laguntzen du, dutxa oso bero batekin lortu dezakeguna besteak beste. Mineral asko duen edari isotoniko bat edatea, eta sodio, potasio, fruktosa eta bitamina asko dituzten (platano eta tomatea adib.) elikagai ugari ahoratzea ere ona da. Seguruaski jakingo duzuela, baina salda bero batek ere ikaragarri laguntzen duela gogorarazten dizuet.

Ba badakizue, hurrengoan lagunekin garagardoak edatera irtetzen zaretenean, bakoitzak biharamuna ekiditeko zerbait eraman, batek platanoak, besteak gazta, batenbatek yogurt-ak... ez litzateke ideia txarra izango ezta? ;-)

2012-03-23

BIHARAMUNA


Alkoholdun edari gehiegi edan dugunean, hurrengo egunean sentitzen dugun gaizkiegonaren arrazoia gorputzean sortzen diren hurrengo efektuei zor zaie:

Gorputzeko bitamina batzuen galera ematen da, alkohola metabolizatzean gorputzarentzat toxikoak diren sustantziak askatzen dira, antidiuretikoen suntsipena ematen da eta nerbio sisteman neuronak narritatzen dituzten goi mailako alkoholak biltzen dira. Pertsona desberdinengan desberdina da alkohol kopuru berberak sor ditzakeen ondorioak, alkohola metabolizatzeko gaitasuna berbera ez delako.

Gorputzak ez du behar dituen bitamina guztiak ekoizteko gaitasuna, horregatik, beharrezkoa izaten da hauek elikagaien bitartez lortzea. Garagardo edo alkoholdun edari gehiegi edan ezkero, bitaminen galera bat ematen da, gorputzaren funtzionamendu egoki bat emateko eta alkoholaren metabolismoaren prozesua emateko beharrezko direnak. B bitamina da konkretuki alkoholaren metabolismoan sortzen diren azpiproduktuak metabolitzearen arduraduna.

Alkoholdun edariak edatean gehiegi pixa egiten dela konturatuko zineten ezta? Ba honek gorputzaren funtzionamendu egoki baterako beharrezko diren mineralak galtzera garamatza, gorputzeko ur galera orokor bat ematen delarik ere.

Nerbio sisteman eragina duten goi mailako alkoholen inguruan ..... Garagardoan alkohol mota desberdinak aurki ditzakegula esan behar da. Bi karbono dituen alkoholari etanol esaten zaio eta bi karbono baino gehiago dituzten alkoholeei goi mailako alkohol izena ematen zaie (propanol, butanol...). Bigarren hauek dira gure gorputzean gaizki egon handiagoa sortzen duten alkohol motak. Hartzidura prozesua tenperatura altuagoetan eman ezkero, mota honetako alkohol gehiago sortuko dira. Azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardoek adibidez goi mailako alkohol gehiago edukiko dituzte oineko hartzidurakoekin alderatuz. Arrazoi berbera dela eta, hartzidura tenperatura altuagoetan (prozesua azkartzekotan) egiten duten fabrikek ere, goi mailako alkohol gehiago edukiko dituzten garagardoak ekoizten dituzte.

Hauek dira beraz, biharamunak gorputzean sortzen digun gaizki egonaren arrazoiak. Hurrengo astelehenenan ere honen inguruan arituko gara, ondorio hauek gutxitu edo ekiditeko jarraitu ditzakegun aholkutxo batzuei buruz hitz egingo dugu eta. Baina badakizue, ondorio hauek pairatu nahi ez baduzue, arduraz edan!

2012-03-22

AKORDE ZAPOREA: GAUTXORIA - SU TA GAR

Tarte berri batekin natorkizue gaurkoan, idatziari pixka bat protagonismoa kendu eta beste zentzumen batzu estimulatzeko asmoarekin. Musikak garrantzi handia izan ohi du gure bizitzetan, edo hala da behintzat nere kasuan, horregatik, txoko bat eman nahi izan diot blog honetan.

Tarte honetan garagardoa aipatzen duten abestiak bilduko dira. Talde edo abeslari desberdinek zein momenturekin edo zein egoeratan izendatzen duten garagardoa ikusteko aukera izango dugularik. 

Hasiera batean euskarazko abestiak agertuko dira, baina aurrerago beste hizkuntzetako abestiak ere edukiko ditugu. 

Gaurko abestia: Gautxoria - Su Ta Gar

Diska: Sentimenak Jarraituz (1996)


Behin aipatzen da "Gagardoa" abesti honetan, lehengo parrafoan:

Etxetik irten naiz gaur ere.
Zeren bila? Ez dakit.
Norekin bukatuko dudan?
Ezin esan, ez du ere
garrantzirik.
Beti gertatzen zait berdina;
orduak joan ahala,
garagardoa esku batean
iluntasunak azkarregi du
aldegiten.

"Garagardoa" aipatzen den abesterik ezagutzen baduzu eta blogean agertzerik nahi izan ezkero, hurrengo posta elektronikoaren bidez jar zaitezke kontaktuan: 

garagardoahotsa@gmx.com

2012-03-21

GARAGARDOAK: Guinness Original

Duela bi aste Dry Stout garagardo mota aurkeztu zen eta gaurkoan garagardo mota berbereko marka konkretu bat dugu, Guinnes enpresaren Dry Stout garagardoa alegia (1820. urtea).

 
Jatorria: Guinness (Dublin, Irlanda)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 11,5 ºP .

Malta: Garagar malta eta malteatu gabeko baina txigorturiko garagarra (10%)
 
Lupulua: 40-50 IBU inguruko garratztasuna, garagardo nahiko garratza egiten duena.

Kolorea: Beltza.

Alkohol edukia: % 4,2 bolumenean.


Txokolate, karamelu eta kafearen arteko nahasketa bat nabari daiteke zaporean, malta txigortuari eta malteatu gabeko garagar txigortuari zor zaiona. Ez zaio lupuluaren usain edo zaporerik nabaritzen, baina bai ordea lupuluak ematen dion garratztasun altua. Nitrogeno gasez ateratzen denez (karbono dioxidoaren ordez), apar oso dentsoa eta burbuila txikikoa sortzen da. Oso gorputz handia duen garagardo bat da.

2012-03-20

GARAGARDOA DESKRIBATZEN: Karbonatazioa

Garagardoak duen karbonatazioa ahoko sentsazioa deskribatzean aztertu daitekeen ezaugarrietako bat da, "pikante" sentsazioarekin erlazionatuta dagoena. 

Karbonatazioak garagardoak duen CO2 kopuruari buruzko informazioa ematen digu, hau handitzean, ahoan sortzen den "pikante" sentsazioa handitzen delarik. CO2 hau garagardo ekoizpen prozesuko hartziduran sortzen da, legamiak muztioaren azukreak alkohol eta CO2-an transformatzen dituenean hain zuzen ere.

Garagardo enpresaren lan egiteko moduaren arabera, gehienetan CO2 hau heltze ontzietan sortutakoa, botilan azukrea gehituz eginiko hartziduraz sortutakoa edo linean botilatu aurretik gehitutako kanpoko CO2-a izan daiteke.

Garagardo estilo desberdinek karbonatazio maila desberdinak izaten dituzte. Era berean, garagardo fabrika industrialek, karbonatazio mala desberdina ezartzen dute lata, botila edo grifoko garagardoa den arabera.

Garagardoak duen CO2 kopurua mantentzeko duen gaitasuna, tenperatura eta presioaren baitan dago, tenperatura jeisteak eta presioa igotzeak gaitasun hau handitzen duelarik eta alderantziz.

Hona hemen garagardo mota desberdin batzuen CO2 kopurua (Bolumenean):

   -  Ingalaterrako Bitter-ak= 0,75 - 1,3
  -  Ingalaterrako Pale Ale =  1,3 - 2,3
-  Dry Stout =                       1,6 - 2
   -  Pilsner =                           2,3 - 2,5
     -  Garizko alemaniarrak =   3,6 - 4,48
     -  Pale Ale =                          1,5 -  2,3

2012-03-16

ZERGATIK EDATEN DA GARAGARDO BERDEA SAINT PATRICK EGUNEAN?

Bihar St. Patrick eguna ospatuko da gure inguruko "Pub" Irlandar askotan, eta Irlandan baita noski! Baina, zer dela eta ospatzen da egun hau? Eta zergatik edaten da garagardo berdea? Hasieratik hasiko gara:

St. Patrick eguna Martxoak 17an (San Patrick hil zen data) ospatzen den festa egun bat da, festa egun erlijioso eta kultural bat hain zuzen ere, kristautasuna Irlandara iritsi izana ospatzen duena.

San Patrick IV. mendean jaio omen zen erromatarrek kontrolpean zuten Britainiako zatian eta bere hitzetan, 16 urte zituela Irlandar erasotzaile batzuk bahitu eta Irlandara eraman zuten, morroi bezala lan egitera. Baita bere hitzetan, amets batean Jainkoak kostara joateko esan omen zion, eta bertatik itsasontzi batean Britainara bueltatuko zen. Bertan denbora bat pasa ondoren, 432. urtean Jaikoaren beste "mezu" bati kaso eginez, Irlandara bueltatu zen bertako fedegabeak kristautzeko asmoarekin. 

Nahiz eta hasieran San Patrick kolore urdinaz erlazionatuta egon zen, denbora pasa ahala (XVII. mende hasieran) kolore berdea gainontzen hasi zen egun honen ospakizunetan, hirusten erabilera zela eta gehienbat, landare hau erabili baitzuen berak irlandar fedegabeei kristautasun doktrina irakasteko.

Horregatik, gaur egun Irlandarrek festa nazional bezala ospatzen duten honetan, arropa, txapel eta GARAGARDO BERDEA ikusi daiteke nonahi.

Garagardo hau, normalean edaten den garagardo argi bat da, desberdintasun bakarra, garagado hau berdea izateko janari koloratzaile berde bat gehitu zaiola da.  



Irlandar historiaren zatitxo bat eta bereziki egun honi buruz gehiegi irakurri duzula irudituko zaizu agian garagardoa zergatik den eta edaten duten berdea jakiteko... :-) 

Asteburu ona pasa!




2012-03-14

TABERNAK: L'Europe (Madril)

Madrilen dagoen beste taberna bat aurkeztuko dizuet, L'Europe, "Bilbao" metro geltokitik gertu dagoen taberna bat da, Madril pixka bat ezagutzen duzuenok agian ezagutuko duzue zonalde hau. Pare bat aldiz egon naiz bertan (ez gehiagotan ez baita nik askotan bisitatzen dudan auzo bat), eta garagardozale askori gustatuko zaion toki bat da, garagardo aukera zabala eta anitza baitu! 

Kokalekua: Cardenal Cisneros Kalea 19 (Madril)

Ordutegia: 18:00- Itxi arte

Garagardoaren munduaren inguruko dekorazioa duen taberna luzexka bat da, marka desberdinen iragarkiak ikusi daitezkeelarik.


                 



Aurki ditzakegun garagardoak honakoak dira:

Kañeroan:

- Stella Artois (Horia)         - Tetley's
- Leffe (Horia)                     - Hoegarden (Belgikako garizkoa)
- Leffe ("Tostatua")              - Franziskaner (Garizkoa)
- Leffe (Beltza)                     - La Trappe
 
Botilan: 


- Ia 100 garagardo desberdin inguru dituzte: Alemania, Belgika, Ingalaterra, E.E.B.B, Txekiar Errepublika, Dinamarka... herrialdeetako garagardo marka eta mota desberdinak. 



Janaria: 
Menu desberdinak daude aukeran, Alemaniar janari tipikoa (ukondoa, saltxitxak etab.), entsalada desberdinak, hanburgesak, kroketak, etab.


Beste taberna batzuk:
Gares, Nafarroan - BAR VERY
Bruselas, Belgikan - DELIRIUM CAFÉ

Iruña,Nafarroan - MANNEKEN BEER

Madrilen - THE WALL

Beasainen, Gipuzkoan - XUBER PUB




2012-03-13

HITZETAN: Victoria Erreginak esandakoa


 "Eman herriari garagardo asko, eta hau merkea eta ona izan dadila, eta herriak inoiz ez du iraultzarik egingo"


Victoria Erregina, Erresuma Batua

2012-03-12

EDALONTZIAK (IX): Pitxarra

Pitxarra Euskal Herrian antolatzen diren garagardo festa askotan ikusia izango duzue zueteko gehienek. Alemanian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan edalontzi klasiko bat da. 


Edalontzi haundia da, tamaina desberdinak aurki daitezkeelarik, elutxaz betea dago eta helduleku bat du. Goiko aldea behekoa baina zabalagoa da (usainak irtetzen laguntzen du) eta eduki asko gordetzeko aukera ematen du.

Nahiz eta garagardo mota desberdin ugari edateko egokia izan, gehienbat Ameriketako, Erresuma Batuko eta Alemaniako Lager garagardoak edateko erabiltzen da.



Ikusi ditugun beste edalontzi batzuk:

2012-03-08

BITXIKERIAK: Garagardoaren bitartez digestioa estimulatzen da

Garagardoa edateak digestioan eragina du, hau nolabait estimulatu edo azkartuz. Garagardoaren alkohola eta askatzen den CO2a dira honen arrazoia, 2 produktu hauek digestioaz arduratzen diren enzimak estimulatzen baitituzte. 




Gainera, garagardoaren zaporeak apetituan ere badu eragina, garagardo gehiago kontsumitzeko gogoa ematen duelarik.


Argazkia: By Laura Laing (www.chiroeco.com)

2012-03-07

BERRIAK: Nola salbatu duen mundua garagardoak

Garagardoak gure gizartean duen eta izan duen garrantziaz jabetu ez bazara oraindik, Discovery Channel-ek egin duen "How beer saved the world" dokumentala ikustea gomendatzen dizuet. Ingelesez dago, baina hurrengo lerroetan bideoan komentatzen dituzten esaldi garrantzitsuenetakoak irakur ditzakezue euskeraz:



Bideoan esandakoak:


  - K.A 9000. urte inguruan nekazaritzaren iraultza hasi zen Mesopotamian, garagarra izanik iraultza hau hastearen arrazoia. Orain arte adituek garagarra ogia egiteko landatzen hasi zirela uste zuten, baina oraingo teoria berri batek garagardoa egiteko landatzen hasi zirela dio (Patrick Hayes Doktorea eta Patrick McGovernek teoria hau baieztatzen dute). Bigarrenak garagardo aztarnak aurkitu zituen pitxar batean, ogia egiten ikasi zen data baino 3000 urte lehenagokoak. 

      • Edari horren “efektu intoxikatzaileak” izan ziren garagarra landatzen jarraitzeko arrazoia” Patrick Hayes.

      • Garagardoa ekoizteko landatzen zen garagarraren uzta errazago lantzeko gaur egun oraindik erabiltzen den teknologia ugari sortu zen (goldea, gurpildun ibilgailuak uzta eramateko...) P.H. Doktorea.

      • Garagardo gehiago -> soro gehiago -> matematiken sorrera. "Garagarren lursailen arteko mugak kalkulatzeko matematikak erabiltzen hasi ziren" Gregg Smith Doktorea.

      • "Matematika eta kalkulua garagardoarengatik sortu zirela esan daiteke" Gregg Smith Doktorea.

      • "Idazkera sortzearen arrazoia garagardoa bezalako produktuen ekoizpena eta distribuzioa grabatzearen beharra izan zen" Stephen Tenney Doktorea.

      • Egiptoko piramideak lehengai ezkutu bat dela eta eraiki ziren, garagardoa alegia. 

      • Egipton piramideak eraikitzean langileei garagardoaz “ordaintzen” zieten (4 litro garagardo lan egindako egun bakoitzeko).

      • Garagardoa elikagai basiko eta funtsezko bat zen Egipton.

      • Egipton garai hartan bizitako pertsona baten hezurretan “Tetraziklina” aurkitu berri dute (1948. urterarte ofizialki deskubritu ez zen antibiotiko bat da), garai hartako garagardo errezeten bidez barneratua, eta biztanleak gaixotasun batzuetatik babesten zituena.

      • “Garagardoak Erdi Aroko milaka pertsonaren biziak salbatu zituen, hau ekoiztean ematen den prozesuaren bitartez urak zituen mikoorganismo eta bakteriak akabatu, eta pertsonak gaixotzea ekiditzen baitzuen” Bamforth Doktorea. 

      • Estatu Batuetara egiten ziren bidai luzeetan, ura kutsatu egiten zen eta garagardoa edaten zuten, alkohol eta lupuluak babesten baitzuen.

      • Pasteur-ek bakteriak identifikatu zituen lehen aldiz, garagardoa zergatik jar zitekeen gaizki jakin nahirik zebilela. Honen ondorioz, bakteriek garagardoa “gaixotu” zezaketela ikusteak, pertsonengan ere eragin berbera izango ote zuen galdetu zion bere buruari, “germenen teoria”-ren oinarri izanik, eta gizarte osoaren etorkizuna aldatuz. Medikuntza modernoaren oinarria da teoria hau!

      • Asmatu zen lehenengo hozkailu komertziala 1881. urtean asmatu zuen Carl Von Linde-k garagardo sektorearentzat (pentsa zenbat sektorerentzat den garrantzitsua hotza: medikuntza, elikagai enpresak...)

2012-03-06

SAILKAPENA: DRY STOUT

Irlandar estiloko Dry Stout motako garagardoak azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardo beltzak dira, Schwarzbier estiloko garagardoak ez bezala, hauek oineko hartziduraz ekoizten baitira.


Irlandako Porter garagardoen garapen bat da Stout estiloko garagardoa. Porter garagardoa gero eta fuerteagoa egiten zen ahala, "Stout Porter" bezala izendatzen hasi zen. Stout izenak "gorputz handia" esan nahi du, garagardoaren gorputz handiagoarekin erlazionatzen zena. Zenbat eta indartsuagoa egin Porter-a, "Extra Stout Porter", "Imperial Stout" etab. bezala ezagutzen ziren garagardoak.

XIX. mendearen erdialdera Irlandako edari nazionala bilakatu zen eta ekoizle askok "Porter" hitza kendu zioten.
Murphy's Stout

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura.

Jatorrizko dentsitatea:  9,5 -12 ºP

Malta: Garagar malta argiak eta %10-20 malta ilunak edo karamelu maltak, kolore asko ematen diotena garagardoari. Malteatu gabeko garagar txigortua ere erabiltzen da batzutan (Guinnes-en kasuan bezala adibidez).

Kolorea: > 80 EBC , beltzak.

Alkohol edukia: % 3,8 - 5 bolumenean.

Lupulua: 40 IBU inguruko garratztasuna. Nahiko garratzak egiten dituena.

Dry Stout garagardo batetan malta eta karamelu flabore leun bat nabari daiteke hasieran. Erabili den garagar txigortua dela eta, izaera lehor-txigortu bat du. Ez da ia lupuluaren usainik nabari, kafe, txokolate eta malta txigortuaren usainak izanik nabarienak. Gorputz ertaina du eta bere apar egonkor eta kremotsua da garagardo honen ezaugarri bereizgarrietako bat. Nitrogenoa erabili ohi da askotan garagardo hauek kañeroetan zerbitzatzean, aparrari kremotsu ezaugarria ematen diona sortzen dituen burbuila txikiagoengatik.

Guinness da estilo honetako garagardo gehien saltzen dituen enpresa, zeinek 19 bertsio desberdin egiten ditu, garagardoa salduko den herrialdearen arabera.

2012-03-05

HISTORIA: XV. mendea

1422. urtean eratu ziren Europa iparraldeko herrialdeetan egoitza propioa zuten lehenengo garagardogileen sindikatuak.

Garai honetan Alemania iada "per capita" kontsumo altuena zuten herrialdeen artean zegoen. Martin Luther erreformistak honakoa idatzi omen zuen: "Alemania osoa dago mozkorkeriaz deabrututa; honen aurka predikatzen dugu baina gutxi aurreratzen da. Gaiztakeriak bere sustraiak oso sakonak ditu. Herrialde bakoitzak bere aingeru bihurria du eta deabru alemaniarra edaria da".

Martin Luther
Bitxia bada ere, 1525. urtean Luther Catalina de Bora izeneko emakume batekin ezkondu zen, nor bere konbentuan garagardo ekoizle bezala aritzen zen lanean. 



Argazkia:  Scan by Carol Gerten-Jackson

2012-03-02

LASTER ARTE GOIERRI IRRATIA

Ez du garagardoarekin zerikusirik gaur dakarkizuedanak, baina Garagardo Ahotsa blogarekin bai ordea. Ikusi Irratia saioan komentatu genuen bezala, Goierri Irratiko "Egunon goierri" saioa izan da blog hau sortzearen inspirazio iturri, eta baita ahotsa eta musika blog hau idazten egon naizen askotan. 

Horregatik, eta zoritxarrez, 4 urtez lanean jardun ostean, oraingoz Goierri Irratiak bere programazioa etengo duenez, egin duten azken saio berezia duzue hemen: 



Aldaketak aukera berriak direlako, eta jarri dituzuen hazi asko iada erein eta landare bilakatu direnez, mila esker eta LASTER ARTE!

2012-02-29

OSTIRALEAN EDANDAKOAK

Joan den ostiralean garagardo mota desberdin ugari dituen taberna batetan sartzeko aukera izan nuen. Ez zen aurretik erabakitako gauza bat izan. Madril ondoan dagoen hiri batetan nengoen eta bertako antzokian antzerki antzelan bat ikusi ondoren zerbait hartzeko intentzioarekin sartu ginen taberna honetara.

Sartu bezain laster bi ezusteko oso atseginekin topatu nintzen. Lehenengoa, taberna horretan 50 garagardo desberdin baino gehiago zeudela jakitea, eta bigarrena, zuzeneko kontzertu bat zegoela jakitea. 

Garagardo karta hartu eta begirada bat bota nion... Belgikako garagardo trapistak, garagardo alemaniar ugari, Lambic garagardoak, Stout garagardoa, artisau garagardoak etab. luze bat zegon aukeran! 

Grifoko "Te Deum" ilun bat hartu nuen lehendabizi. Ondoren, enpresa bereko garagardo beltza aukeratu nuen (botilan) , garagardo beltzen oso zalea naiz eta, baina zoritxarrez, iraungitze data baina bi hilabete zaharragoa zen. Kamareroari honen berri eman eta inolako arazorik gabe beste garagardo bat aukeratzeko esan zidan (hozkailuan zituen garagardoak zakarrontzira botaz). Schneider Weisse enpresaren "Meine Hopfen-Weizen" ("Nire garizko-lupulu garagardoa") garagardoa aukeratu nuen. 8,2% alkoholdun garizko garagardo bat, lupulu usaintsu askoz ekoizten dena, eta garagardoari bere izena eta izana ematen diona. Ikaragarri ona!! Ondoren Chimay garagardo trapista bat elkarbanatu nuen.

Gaua aurrera zioan eta teorian hiri honetan bertan eginiko artisau garagardo bat eskatu nuen. "Cerveza de ...." jartzen zuen, baina niri harraroa egiten zitzaidan hiri horretan ez baitago garagardo fabrikarik. Etiketaren letra txikia irakurri nuenean suposatzen nuena aurkitu nuen, beste artisau garagardo ekoizle txiki batek eginiko garagardo bat zen, baina bertako jendeak gehiago erostekotan,  bertakoa bezala aurkezten dutena. Nire burura bi galdera etorri zitzaizkidan: Horrelakorik aurkitu ezkero, zer pentsatuko luke bezeroak? Zilegi irudituko al litzaioke?

Kontzertua iada bukaera aldera iristear zegoen eta beste garagardo bat eskatzera joan nintzen, oraingoan Kolonian askotan edandako Kölsch bat eskatu nuen, aspaldian edan gabe bainengoen. Zoritxarrez, honen iraungitze-data ere duela bi hilabete pasa zen. Ez galdetu zergaitik, baina ez nintzen  bigarren aldiz garagardoa aldatzeko eskatzeko gai izan... Nire zentzuak hain fin ez zeudenez garagardoa edateko gai eta guzti izan nintzen. 

Hainbeste garagardo desberdin edukitzeak hori izaten du batzuetan, jendeak maiztasun batekin eskatu ezean, garagardo mota batzuk hortxe gelditzen dira eta tabernariak konturatzen ez badira, horrelako egoerak aurki ditzakegu. 

Hortaz badakizue, garagardo mota desberdinak eskaintzen dituen taberna batetara sartu ezkero, normalean edaten ez dituzuen garagardoak eskatu, eta horrela hauei irteera ematen lagunduko diegu! ;-)


2012-02-28

Zozketarako zenbakiak

Jarraian dituzue zozketarako partaide bakoitzari dagozkion zenbakien zerrenda:

- (00-01-02) Aines Arizmendi 
- (03-04-05) Juankar Sanz
- (06-07-08) Joseba Irazabal
- (09-10-11) Itsaso Biain
- (12-13-14) Izaskun Saenz de Santamaría
- (15-16-17) Marta Sanz
- (18-19-20) Eneko Oiarbide
- (21-22-23) Ander Intxaurrondo
- (24-25-26) Julen Irizar
- (27-28-29) Maite Alonso
- (30-31-32) Joseba Txefo
- (33-34-35) Txapato Jr.
- (36-37-38) Lorea Lorelai
- (39-40-41) Aitor Zabala
- (42-43-44) Ion Etxebarria
- (45-46-47) Lore Etxeberria
- (48-49-50) Iñigo Irureta
- (51-52-53) Javi Lazpita
- (54-55-56) Carlos Guerra
- (57-58-59) Aito Llucia
- (60-61-62) Lander Ugarte
- (63-64-65) Manex Ezeiza
- (66-67-68) Beñat Birasuegi
- (69-70-71) Joseba Karrikiri
- (72-73-74) Maite Maitetxu
- (75-76-77) Lau Rita
- (78-79-80) Mariana Wini
- (81-82-83) Zigor Aretxabala
- (84-85-86) Vier Weissbier
- (87-88-89) Jon Etxeandia
- (90-91-92) Julen Mujika
- (93-94-95) Ishikawa

Gogoratu, Ostegunean (Martxoak 1) ONCE-ko zozketan irabazle suertatzen den zenbakiaren azken 2 zifrek erabakiko dutela Garagardo Ahotsa blogeko zozketaren irabazlea nor den.

Zorte on!

2012-02-27

IKUSI IRRATIA!

Mikel Alvarezek GITB-n egiten duen Ikusi Irratia! programako bideoa duzue hurrengoa. Saio honetan Goierri inguruko pertsona desberdinak gonbidatzen ditu Mikelek gai desberdinen inguruan hitz egiteko. 


Blogaren eta garagardoaren inguruan jarduteko aukera izan genuen.

Mila esker Mikel berriz ere! 

2012-02-23

ZOZKETA: Datak eta aukeran izango diren garagardoak

Otsailak 27a izango da 6 garagardo irabazi ahal izateko zozketan parte hartzeko azken eguna. Horretarako, Facebook-en jarri genuen galderari erantzun eta gure Facebookeko orrian "Atsegin dut" klikatzea besterik ez duzuela egin behar gogorarazten dizuegu.

Otsailak 28an, zozketan parte hartuko duzuen guztioi dagozkizuen zenbakien zerrenda emango da jakitera blogean.

Martxoak 1ean (osteguna) ospatuko den ONCE-ko loterian irtetzen den azkeneko zifrek erabakiko dute nork irabaziko dituen zozketan geneuzkan 6 garagardoak.

Irabazleak aukeran edukiko dituen garagardoak honakoak dira:

  1.- PILSNER URQUELL (Horia, Pilsner estiloa)

  2.- LIBERTY ALE (E.E.B.B.-tako azaleko hartziduraz ekoizturikoa)

 3.- LEFT HAND BREWING MILK STOUT  (Milk Stout beltza, ez da Nitro bertsioa, bertsio zaharra da)

  4.-  GUINNESS (Stout beltza)

  5.- WEIHENSTEPHANER WEIZEN (Garizkoa)

  6.- FRANZISKANER (Garizkoa)

  7.- SCHLENKERLA RAUCHBIER (Garagardo ketua)

  8.- ALTBIER (Düsseldorf inguruko garagardo iluna)

  9.- CHIMAY URDINA (Belgikako garagardo trapista)

 10.- BROOKLYN BROWN ALE

 11.- LINDEMANS KRIEK (gerezi zaporeko Lambic garagardoa)


Jakingo al zenukete iada zein 6 garagardo aukeratu irabazle suertatu ezkero? 

2012-02-22

LUPULU MOTAK: Northern Brewer

Ingalaterran du jatorria lupulu mota honek, lupulu Amerikar eta Ingeles baten arteko hibridoa izanik. Gaur egun, Ingalaterran, Alemanian, Belgikan eta Estatu Batuetan ekoizten da.

Lupulu barietate berriak hibridazioz sortzeko erabiltzen da askotan.

Northern Brewer hosto eta konoa


Jatorria: Ingalaterra (1934).

Mota: Garratztasuna emateko erabilia.
 
Erabilera/kalitatea: Hurrengo garagardo motetan erabili ohi da lupulu barietate hau: Alemaniako Lager, garagardo ketua eta ingalaterrako "Ale" ilunak egiteko aproposa.

Ezaugarriak: Zurezko usain suabea, menta tonuak ere gainentzen direlarik. 
 
Lupulu honen errendimendua hektareako gutxitu egin da azken urteotan. 

Ikusitako beste lupulu batzuk:
Styrian Golding
Hersbrucker
Tettnanger
Saaz

Perle