2011-05-02

GARAGARDO NATURALA

Bihar eta etzi garagardo mota desberdinen sailkapenari buruz hitz egingo dugunez, gaurkoan garagardo natural edo artisau bat ezagutzen ditugun garagardo komertzialetaz zertan bereizten den ikusiko dugu, prozesuko desberdintasun garrantzitsuenak zein diren azalduz.

Garagardo natural bat ekoiztean ez da gehigarririk erabiltzen,  ezta beratze prozesuko uraren pH zuzenketarik egin ere.

Hartzidura eta heltze prozesua emateko, 4 aste behar izaten dira gutxienez garagardo naturalaren kasuan. Garagardo industrialak ordea, hartzidura ematen den tenperatura altuagoa dela eta, 2 aste behar izaten ditu.
 
Botilatu aurretik gainera, ez da garagardoa iragazten, eta horretaz gain, garagardoak ez du inolako tratamendu termikorik jasaten (beste garagardoek normalean pasteurizazio bat jasaten dute). Hau horrela izanik, garagardo natural batean legamiak garagardoan jarraitzen du, egun ezagutzen ditugun garagardoetan gertatzen ez dena. Honela, garagardo naturala produktu "bizi" bat dela esan dezakegu, legamiak nolabaiteko jarduera bat izanik.

Garagardo naturalek ez dute hainbeste anhidrido karboniko (botilan bigarren hartzidura bat ematen ez denean), ez bait zaie anhidrido karbonikorik gehitzen, duten karbonikoa, hartziduraren bitartez modu naturalean sortutakoa da. Botilan bigarren hartzidura bat eman ezkero (azukrea edo muztioa gehituz), anhidrido karboniko kopuru hau handiagoa izango da.

Garagardo natural bati egonkortzeko prozesu termikorik ematen ez zaionez, oso garrantzitsua da hau gordetzen dugun tenperatura. Garagardo natural bat 18ºC-ko tenperatura baino hotzagoa den toki batean gordetzea gomendatzen da, beraren propietateak ahal den hoberen mantentzearren.


Garagardo natural beltza




*Pasteurizazio: Elikagai bat denboran zehar iraunkorrago egiteko ematen den prozesu termiko bat da, produktuari tenperatura altuak denbora laburrean aplikatuz.

No comments:

Post a Comment