2012-02-16

KONTSUMO EZ ARDURATSU BATEN ARRISKUAK

Orain dela hilabete batzuk garagardoaren kontsumo arduratsu batek osasunari ekar diezaiokeen onurei buruz hitz egin genuen. Nahiz eta denok "dakigun" alkoholaren kontsumo ez arduratsu batek gure osasunean eta inguruko pertsonengan efektu negatiboak izan ditzakeela, blog honetan honen inguruko informazioa irakurri ahal izatea ezinbestekoa dela iruditu zait.

Alkoholarekin arazoak dituen jendea ez da gutxi, eta estatistikak hotzak izan arren, zenbakien atzean pertsonak daudela ezin ahaztuko dugu, gai honi dion garrantzia emanez, eta honen inguruan eztabaida sortuz. Bai norberak zein gure ingurukoekin. 

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera,  Europako hiltze tasan eragina duen bigarren arrisku faktore handiena da alkohola. Hau gehienbat alkoholaren ondorioz emandako traumatismoei zor zaie: Kotxe istripu, biolentzia kasu eta suizidioei.   

Modu arriskutsu batean edatearen ezaugarrietako bat gehiegizko edate gertaera bat ematea da, hau 60 gr. alkohol pururen kontsumo baliokide bat izatea bezala deskribatzen delarik. %5 alkohol bolumenean duen garagardo botila batek 15 gr. alkohol puru inguru ditu.

Kontsumo ez arduratsu batek hurrengo arazoak sortu edo hauek pairatzeko arriskua handitu dezake:


  - Bihotzekoak pairatzeko arriskua handitu (Gizon eta emakumeen kasuan)

  - Diabetesa pairatzeko arriskua handitu

  - Minbizi mota batzuk pairatzeko arriskua handitu

  - Pankreatisa (Alkohol kontsumo kronikoak)

  - Psoriasisa, gutxienez emakumeen artean.


Garagardoaz gozatzeko aukera hoberena, modu arduratsu batean edatea da eta ahal izan ezkero, janariarekin batera.

No comments:

Post a Comment